Consumo responsable – Zentzuz

Facebook
Twitter
Youtube
Consumo responsable

BIDEZKO MERKATARITZAREN

eta

KONTSUMO ARDURATSUAREN SAREA

Vitoria-Gasteiz

BIDEZKOTASUN-ZAPOREKO SUKALDARITZA… Sukaldaritza-lantegia Laudion

4 otsaila, 2014

Badakizu zer den bidezko merkataritza? Zer produktu eskaintzen dituen? Badakizu zer onura dakartzan?

Galdera horien eta beste askoren erantzuna jakiteko, BIDEZKO-ZAPOREKO SUKALDARITZA lantegian parte hartzera gonbidatzen zaitugu; hain zuzen, medicusmundi arabak eta Laudioko Ipar-Hegoalde taldeak sukaldaritza-lantegi hori antolatu dugu otsailerako.

 

Ikastaroa hiruna orduko hiru saiotan egingo da, otsailaren 8an eta 15ean eta martxoaren 1ean, 10:30etatik 13:30etara, Laudioko Euskal Gastronomia Museoan. Guztira, 25 pertsonak parte hartu ahalko dute, eta izena ematea doakoa da.

Saio bakoitzean, sukaldaritzako praktika bat egingo dugu bidezko merkataritzako produktuekin, bertako zein Hegoaldeko produktuak erabilita. Lantegiko parte-hartzaileek egiten ikasiko dituzten jakiak, besteak beste, barazki-kurruskaria, hanburgesa begetala, kinoa, barra energetikoak, landare-entsaladak, eta postre gozoak izango dira… Jaki merke, osasungarri eta goxoak.

Gogoeta egingo dugu gaixotasunak agertzea errazago egiten duen elikadurari buruz, eta dieta osasungarriak taxutzen ikasiko dugu. Gainera, bidezko merkataritzako produktuen ezaugarriak eta beste produktu tradizional batzuenak konparatuko ditugu, eta elikagaien ekoizpeneko multinazionalek eta banaketa-enpresa handiek lehen sektorean nahiz elikagai-krisian duten eragina aztertuko dugu…

Bidezko merkataritzako tokiko nahiz nazioarteko elikagaiak kontsumitzeak duen inpaktua ezagutuko dugu. Inpaktu hori positiboa da pertsonen eta ingurumenaren osasunerako, eta baditu onurak, halaber, gizartearentzat, soldatak bidezkoak eta gizonen eta emakumeentzat antzekoak izan daitezen bermatzen duelako, tokiko garapena sustatzen duelako, eta abar. Azken batean, kontsumo arduratsuak mundu hobe baterako eragile gisa duen garrantzia nabarmentzea da xedea.

Paraleloan, Kultur Etxean, otsaileko bigarren hamabostaldian 10 arrazoi ematen dizkizugu Bidezko Merkataritza kontsumitzeko erakusketa egongo da. Erakusketako paneletan, 10 marrazkilarik bidezko merkataritzako antolakundeen lanari dagozkion hamar nazioarteko printzipioak iruditan eman dituzte. Hala, arrazoi bakoitzak bineta edo ilustrazio bat du lagun, adierazitako kontzeptua azaltzen duena. Umore grafikoko 10 jeniok egin dituzte, eta ezin hobeto asmatu dute bidezko merkataritza kontsumitzeko gure 10 arrazoiak marrazten, begirada argi-egile batekin, merkataritzako praktika konbentzionalen aurka bete-betean joz batzuetan.

Jarduerok Laudioko Ipar-Hegoalde taldeak eta medicusmundi arabak antolatzen dituzte, eta Arabako Foru Aldundiak finantzaturiko Hurbil zaitez bidezko merkataritzara, bidezkoa da eta II proiektuaren barruan daude.