Site logo

Aurkezpena: ‘Kontratazio publikoan klausula etikoak, sozialak eta ingurumenekoak sartzeko gida praktikoa’

Zentzuz Kontsumituk Klausula etikoak, sozialak eta ingurumenekoak sartzeko gida praktikoa argitaratu du. Santiago Lesmes Zabalegui adituak prestatutako tresna bat da, administrazio publikoko ardura politiko edo tekniko batetik, kontratazio horretarako baldintza-agiriak prestatu behar dituztenentzat baliagarria izateko xedea duena.

Irailaren 19an, Montehermoso Kulturunean jardunaldi bat egin zen kontratazio publiko arduratsuari buruz, administrazio publikoko teknikariei zuzendua, eta han hornidura-kateen inguruko hiru esperientzia praktiko izan genituen.

Hornidura-kateak osatzen dituzten prozesu eta zereginen konplexutasuna dela eta, produktu bat Europako denda batera iritsi aurretik, baliteke gerra betean dagoen Afrikako herrialde pobretu bateko lehengaiak erabili izana, lehen eraldaketa lan-eskubiderik eza nagusi den Erdialdeko Amerikako herrialde batean egin izana, eta Asiako goranzko ekonomia batetik igaro izana, non osasun-baldintzarik eta ingurumen-irizpiderik batere ez baitago. Kontratazio publikoa, gutxi gorabehera, barne-produktu gordinaren % 18,5 da gaur egun, eta, bolumen ekonomiko handi horren ondorioz, erakunde publikoak pertsona eta zerbitzuen kontratatzaile nagusiak dira, izan ere. Jardunaldian, Santiago Lesmes gidaren egileak gida bera azaldu, eta haren alderdi nagusiak analizatu zituen; hala, produktuen eta horniduren ekoizpen-baldintzak eta hornidura-kateak ezagutu genituen, eta gizarte- eta ingurumen-erantzukizuneko irizpideak nola sartu ikasi genuen. Horrez gain, gidak jardunbide egokien adibide ugari ematen du, hainbat erakundetakoak, udaletakoak bereziki. Horrek kasu praktiko errealak eskaintzen dizkie kontratazio-prozeduren ardura duten pertsonei.

Ekoizpena eta banaketa-prozesua


Bestalde, Maquitako Fátima Cruz bidezko merkataritzako ekuadortar ekoizleak fundazioaren esperientzia ezagutarazi zigun, eta ekonomia sozial eta solidarioko antolakunde horrek zer lan egiten duen jakin genuen. Hain zuzen ere, elkartegintza, ekoizpen jasangarria eta bidezko merkataritza sustatzen ditu, Ekuadorren ahultasun-egoeran dauden familien bizi-kalitatea hobetzeko, genero ekitateko praktikak aurrera eramanez.

Katearen bigarren fasea ezagutzeko, banaketa-prozesua, zehazki, AlterNativa3 bidezko merkataritzako produktuen enpresa inportatzaileko Antonio Baileren lekukotasuna izan genuen. Eta, bukatzeko, Aitor Bilbaok kontratazio-teknikari gisa izandako esperientzia kontatu zigun, klausula sozial eta ingurumenekoak dituzten kontratazioko baldintza-agirien prestaketari zegokionez.

Euskadiko administrazio publikoetako 60 teknikari inguru izan ziren jardunaldian, estatu-mailako Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legea bide horretatik baitoa, kontratazio publikorako baldintza-agirietan klausula sozialak, ingurumenekoak edo generokoak nahitaez sartu behar direla ezarrita. Gidak lagundu nahi du administrazioek lege hori bete dezaten eta kontsumo-ereduaren aldaketaren aitzindari bihur daitezen.

Comments

  • No comments yet.
  • Add a comment