Zentzuz Kontsumitutik, hots, medicusmundi arabak, Mugarik Gabek, eta Setem Hego Haizeak, kontsumo kontziente, arduratsua eta eraldatzailea (KKAE) sustatzeko, partzuergoan bultzatutako ekimenetik, nabarmendu behar dugu badirela ahanzturara bazterturiko edo munduko agenda politikotik ezabatutako zenbait errealitate, hala nola Ama Lurraren eskubideak eta txirotasunaren atalasearen azpitik dauden pertsonen eskubideak. Gaur, apirilak 22, Ama Lurraren eskubideei buruzko nazioarteko eguna, ahanzturarako egun bat da.
“Ama Lurra” munduko leku askotan planeta izendatzeko erabiltzen den esaera bat da; hala, “Pacha Mama” erabiltzen dute Bolivian edo “Tonantzin” Nikaraguako herri zahar batzuetan. Nazio Batuen ikuspegitik, hori gertatzeak argi frogatzen du planeta guztiko pertsonen arteko interdependentzia dagoela. Baina ez era orekatu batean. Aitzitik, esplotazioan oinarrituriko interdependentzia bat dago, pertsonak, animaliak zein ama natura bera esplotatuz.
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak nabarmentzen duenez: “Egun, XXI. mendean, ordainean ezer eman gabe naturaren kapitala ebatsi izanaren ondorioak pairatzen ari gara. “Gure kudeaketa arduragabearen eraginak gehien pairatzen dituztenak, hain zuzen, munduan egoera ahulenean dauden pertsonak dira: basamortuen ertzetan bizi direnak; komunitate indigenak; landa-eremuko pertsonak; munduko megalopolietako –halakoak gero eta handiagoak direla– bazter-auzo guztiz txiroetan bizi direnak; eta emakumeak. Txirotasunetik irten ahal izateko eta aurrera egiteko, halako pertsonek lur emankorrak, edateko ura eta saneamendu egokia behar dute, gutxienez”.
Garapen iraunkorrari buruzko Nazio Batuen azken konferentzian (Rio+20), 2012ko ekainean, han izan ziren gobernuek bere gain hartu zuten bizitzaren iraupena arriskuan ez jartzeko nazioarteko itunak ziurtatzeko betebeharra. Lur planeta eta bertako ekosistemak gure etxea dira, eta “Ama Lurra” herrialde eta eskualde askotan erabiltzen den esapide komun bat da. Ikusi dugu herrialde batzuek naturaren eskubideak aitortzen dituztela, garapen iraunkorra sustatzeko testuinguruan. Sinetsita gaude, oraingo eta etorkizuneko belaunaldien beharrizan ekonomiko, sozial eta ingurumenezkoen arteko bidezko oreka lortuko bada, naturarekiko harmonia sustatu behar dela.
Munduko botere politikoen borondate on horren guztiaren aurrean, errealitatearen ziurtasuna dugu. Gobernuek ez dute benetako konpromisorik, ez eta enpresa transnazionalek eta botere finantzarioak ere, lotesleak ez diren nazioarteko deklarazioetan aditzera ematen dutena betetzeko gertuago jartzen gaituenik. Diskurtso bikoitzaren mendean gaude. Hitz onen eta praxi okerren mendean, inpaktuak neurtu gabeko berehalakoaren paradigman.
Horren aurrean, pertsona pobreen eta esplotatuenen diskurtsoa dugu; hain zuzen ere, beren bizitzen errealitatetik, paradigma berriak eskatzen dituzte. Garapen iraunkorraren ikuspegi holistiko eta integratuak hartzen dituzten bizitza-ereduak, gizon-emakumeak naturarekin harmonian bizitzera eramateko eta hainbat neurri hartzea eragiteko, Lurreko ekosistemaren osasuna –osotasuna– berrezartze aldera, bai eta giza eskubideen zein Ama Lurraren errespetua eta zuzentasuna ere.
Gaur, neurririk hartzen ez duten eragile arduradunen kritika egin behar dugu. Premiazkoa da ohartzea sistema kapitalista patriarkala eta eredu neoliberala zaharkiturik daudela, eta pertsona gehien-gehienen interesetik kanpo (ama natura ere barne, izaki bizidun gisa).
Behetik eraikitzeko erronka abian jarri da, ahots ahaztuei entzutekoa, garrantzizkoa dena kontuan hartzekoa, kapitalaren aurrean bizitzari lehentasuna ematekoa, erotasunean zentzutasuna ikustekoa, sortzaileak izatekoa eta beldur ez izatekoa. Mundua alderantziz jartzeko unea da. Eta posiblea da, ama natura biribila baita eta leku egingo baitigu bere altzoan.
Gaur, kausa ahaztuen egunean, gure hitz apalenetik eta inork ez entzun arren, esan nahi dizugu gero eta gehiago garela zure komunitateko kide garen izakiak, “Ama Lurraren” komunitatekoak.
Estibaliz Gómez de Segura Olalde, Zentzuz Kontsumitu partzuergoaren izenean.
2013ko apirila