Site logo

Martxoak 30, etxeko langileen nazioarteko eguna

Neure buruari galdetzen diot ea nola lortzen ote dugun bizitza aurrera ateratzea sistema honen barruan. Hau da aurkitzen dudan erantzuna: zaintza ez dago sistemaren barruan. Eta barruan ez badago, ez da aitortzen; eta ez bada aitortzen, ez da balioesten; eta ez bada balioesten, ez da ordaintzen. Eta bizitza, sistemari eusten dion hori, ez bada aintzat hartzen, lan hori egiten duten pertsonak (emakumeak), mirabetza-erregimenean ari dira lanean.

Patriarkatuak 2.500 urte daramatza bere burua eredutzat inposatzen. Gizona sistemaren erdigunean kokatu zen, emakumeek egiten zuten berrekoizpen sozialaz jabetu zen, eta bere zerbitzura jarri zituen. Horrekin, emakumeak mendetasunera baztertu ziren, edo beren eginkizun sozial, ekonomiko eta politikoen ikusezintasunera, zaintza tartean zela.

Bilakaera horretan, patriarkatuak hormak eraiki ditu, zaintza-lanak alboratuta  gera daitezen. Sistema patriarkalean, non dirua baita erdigunea, zaintza ordaintzeak sistema leherraraziko luke. Badago gatazka ireki bat kapitalaren eta bizitzaren artean. Zibilizatze-erronka ezinbestekoari –halakoxea den bizitzari– lehentasuna ematea da, aberastasun-metatzearen aurrean.

Sistema honi eusten dion etekinaren logikak zera planteatzen du, zertarako ordaindu zerbitzu sozial baten truke, antzina-antzinatik musu-truk egin da eta? Emakumeok berrekoizpen-beharrizanen esklabo izan gara; kapitalaren errotaren hegalak higiarazi dituzten bizitzak sortu ditugu. Bizitza mantendu dugu aitormen sozialik gabe, haien mandatu patriarkala betez.

Antolakuntza soziala birformulatuz joan da, eta emakume zuri pribilegiatu batzuk espazio publikora sartu ahal izan dira borroka feministari esker. Horrelaxe, hain zuzen, utzi da zaintza, pobretze mundialak eta pobreziaren feminizazioak bultzatuta, beste toki batzuetatik etortzen diren emakume migratuen gain. Era horretan, zaintza-kate globala iraunarazten da, eta horren ondorioa da oraindik ere emakume pobretu eta eskubiderik gabekoek mantendua izatea zaintza.

Zaintza esklabotza-erregimenean atxikitzea ahalbidetzen duten horma horiek hainbat dira. Batetik, legeak. Atzerritarrei buruzko legeak eskubideak ukatzen dizkie migratzaileei, eta merkatu beltzera bultzatzen ditu, non ez baitago inolako erregulaziorik, ez sozialik, ez lan-arlokorik. Espainiak LANEren 189. Konbentzioa ez berrestean eta 6.777. zuzenketaren bidez, 2024ko urtarrilera arte atzeratzen da etxeko langileen kotizazio-sistema Gizarte Segurantzaren araubide orokorrarekin parekatzea.

Lan-arloko legeek ez dute berdintzat hartzen etxeko enpleguaren sektorea. Eta haien sindikatuek ez diote beren agendetan lehentasunik ematen ahultasun egoeran edukitako eta babesik gabeko sektore horren eskubide kolektiboak defendatzeari. Ez da kasualitatea sindikatuen, lanaren, legegintzaren eta politikaren mundua mundu maskulinizatua izatea, non emakumeen interesak ez baitira garrantzizkoak.

Familietan eragiten du zuzenean etxeko lanak eta haien gain dago sektore horren eskubideak bermatzeko ardura; hala, bada, familiok dugu erantzukizuna sistemari eskatzeko zaintza-politika errealak sor ditzala, bai eta mendetasun-lege eraginkor bat ere, halakoek susta dezaten bizitza eskubideetan oinarrituz mantentzea, ez esplotazioan. Orduan baino ez da jarriko bizitza erdigunean, eta ez kapitala.

Ezin dugu ahaztu lan hori arlo pribatuan egiten dela. Eta arlo horretan, tradizioz, emakumeak gizonaren nahi eta aginduen mende egon izan dira; bertan gertatua bertan geratzen zela. Etxeko lana arlo horretan atxikitzen da, eta, hala, emakumeek jasaten zituzten eskubide-urraketak eta eskubide-gabezia etxeko langileekin errepikatzen dira. Klasismoa, arrazakeria, indarkeria sexual eta matxista.

Hemen, mugimendu feministak badu zer egin handia; haren erantzukizuna da ahultasun-egoera hori agerian jartzea eta salatzea. Atzean utzi behar ditugu emakume pribilegiatu gutxi batzuei bakarrik onura egiten dieten diskurtsoak, eraldaketa erradikalagoak egiteko, emakume guzti-guztientzat. Bizitza mantentzen jarraitzen dugun emakumeak garen aldetik, ezin gara izan gure berdinen esplotazioaren konplizeak; beharrezkoa da aliatuak izan gaitezen, eta “guztiok” zapaltzen gaituen horri buelta emateko estrategiak bila ditzagun”.

Badira laneratze-elkarte batzuk, bi alderdien artean (familiak eta etxeko langileak) bitartekari-lana egiten dutenak, langile horientzat lan-baldintza duinak bermatzeko xedez. Baina errealitatea da zaintzako eta etxeko lanean eskubideak sistematikoki urratzen direla.

Eta zuri, tradizioz berrekoizpen-lanetatik kanpo geratu zaren gizon horri, erantzukidetasuna eskatzen zaizu zaintzaren aurrean. Herritar guztien erantzukizuna da, maila globalean, erronka horri aurre egitea.

ZUK LAN EGINGO ZENUKE LAN BATEAN, BALDINTZA HAUEKIN…?

PAPERAK BADAUZKAZU

Beste pertsona baten bizitzaren erantzukizuna duzu; baliteke zure soldata % 30 gutxitzea, dietak direla eta. Zaintza ezinbestekoa denez, ez dira atsedenerako denborak errespetatzen; zereginak gehitu egiten zaizkizu, baina ez soldata; beti egon behar duzu prest, ez duzu bizitza pertsonalik. Ez duzu aukerarik laneko baja edo baja pertsonalik hartzeko; zu lanetik kaleratzea zaintzen ari zaren pertsonaren heriotzari lotuta dago, eta ez duzu eskubiderik langabezia-saririk kobratzeko; hilabeteko soldataren pareko kalte-ordaina baino ez dagokizu. Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) kobratzen duzu. Ez duzu eskubiderik laneko arriskuen prebentziorako. Arlo pribatuan lan egiten duzunez, ez dago aukerarik lan-ikuskapen batek egiazta dezan ea zure lan-eskubideak betetzen ari diren. Indarkeria matxista eta klasistako egoerak jasaten dituzu. Zaintzen dituzun pertsonak maitatzeko eskatzen zaizu, haien familiakoa bazina bezala, baina zure familia beste herrialde batean dago. Sindikatu, legegile eta klase politikoarentzat, ez zara lehentasun bat.

ETA PAPERIK EZ BADAUKAZU.…

Barne-langile aritzen zara, arautu gabeko lanaldietan; batzuetan, soldata txiki bat jasotzen duzu zure lanaren truke, baina beste batzuetan, hiru urte egoteko toki bat. Ia ez duzu harremanik kanpoaldearekin, bakartuta geratzen zara. Ez dakizu zer eskubide dituzun, salatua eta deportatua izateko beldur zara… iristeko hainbeste pairatu eta gero! Enplegatzaileen gehiegikeria batzuk onartzen dituzu; batzuetan klasistak eta/edo arrazistak dira, eta sexu-abusuak ere gertatzen dira. Harrapatuta zaude. Bizkarreko edo buruko minak izaten dituzu, estresaren edo egiten duzun lan fisikoaren ondorioz, baina zure gaitzak ez dira artatzen…

Gizarte batek zaintzari esker irauten du, baina berarentzat zaintzak ez du ezer balio. Doan egiten da, eta, ordaintzen bada, LGSa gainditu gabe. Zaintzaren balio soziala kuantifikatu behar badugu, zenbateko hori hilean 900 € da.

Gizarte honek zaintza-lanak kontsumitzen ditu; haien beharra dugu, ezinbestekoak dira engranaje sozialari eusteko. Zure kontsumoaren bidez, beste pertsona baten esklabotzaren konplizea izan nahi duzu?

Beste mundu batean sinesten dugu, bidezko antolakuntza sozial batekin, non guztiaren erdigunean bizitza mantentzen duten lanak baitaude. XXI. mendean emakume esklaboen kate globalak egotea onartzen ari garelako. Bizitzaren zaintza inspirazioa da orain, paradigma-aldaketa urgente baterako.

Egilea: Estibaliz Gómez de Segura. Zentzuz Kontsumitu

Comments

  • No comments yet.
  • Add a comment