Consumo responsable – Zentzuz

Facebook
Twitter
Youtube
Consumo responsable

BIDEZKO MERKATARITZAREN

eta

KONTSUMO ARDURATSUAREN SAREA

Vitoria-Gasteiz

Panorama berria Erosketa Publiko Arduratsuan

3 urria, 2018

Zentzuz Kontsumitu partzuergoak 10 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du Vitoria-Gasteiz erreferentziazko hiria bihurtzeko helburuarekin, kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzaile bat oinarritzat duen eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jartzen duen ekonomia sozial eta solidarioko ereduari dagokionez.

Esparru horretan, duela urte batzuk, Erosketa Publiko Arduratsua lantzeko apustu bat egin genuen, gure ustez tresna ahaltsua zelako administrazio publikoaren barruan kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzailea bultzatzeko, eta, administrazioak bere eginez gero, garrantzizko paradigma-aldaketa bat ekar zezakeelako.

Zorionez, aldaketa hori gero eta hurbilago dago. Legedian izan diren berritasunek aldaketak sartu dituzte, administrazioak produktuak eta zerbitzuak kontratatzen dituenean, kontratazio hori tresna eraldatzailea bilakatzeko, kontratazio publikoa ohiko zerbitzu edo hornidura bat ematea bermatzera mugatu ez dadin eta gizarte- eta ingurumen-arloko helburuak ere lortzera bideratu dadin sustatuta. Esaterako, genero-berdintasuna, garapen jasangarria, inklusio soziala edo giza eskubideen errespetua. Tresna ahaltsua da bai gizartea, bai bertan dauden harremanak aldatzeko, lanaren, ekonomiaren, arlo sozialaren, ingurumenaren eta abarren aldetik.

Administrazioak sozialki bidezkoak eta arduratsuak diren praktika horiek gauzatzearen ahalmen eraldatzailea berebizikoa da, kontuan hartzen badugu kontratazio publikoak % 15etik % 20ra bitarte hartzen duela Espainiako Estatuaren barne-produktu gordinean eta, ondorioz, administrazio publikoen multzoa estatuko enplegatzaile nagusia eta kontsumitzailerik handiena dela.

2018an sektore publikoko kontratuei buruzko lege berria indarrean sartzean, pauso handia ematen da gizarte justuago eta solidarioago bat lortzeko; izan ere, lege horretan neurriak jasotzen dira publizitaterik gabe kontratatzeko aukera debekatzeko, enpresa txiki eta ertainak kontratatzea sustatzeko, eta esleipen-irizpideen artean ingurumenari, arlo sozialari eta berrikuntzari loturiko alderdiak sartzeko.

Inflexio-puntu bat da, kontratazio publikoan, orain arte, irizpide nagusia kostuak merkatzea eta “eskaintzarik onuragarriena” baitzen.

Paradigma kulturalaren ageriko aldaketa bat da, eta han administrazio publikoek badute aukera gizartearen beharrizanak erdigunean jartzeko, pertsona jakin batzuen nahiz gizartearen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten baldintza-agiri batzuen bidez. Gure aburuz, hiri hobe bat egin daiteke kontratazioko baldintza-agiri bat baliatuz gizartearen beharrizanak zaintzeko tresnatzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude