Consumo responsable – Zentzuz

Facebook
Twitter
Youtube
Consumo responsable

BIDEZKO MERKATARITZAREN

eta

KONTSUMO ARDURATSUAREN SAREA

Vitoria-Gasteiz

Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna

13 maiatza, 2013

Maiatzaren 11n Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatzen dugu. Egun horretan, ozen eta argi esaten dugu, bidezko merkataritzako milioi eta erdi langilerekin zein 50 herrialdetako baino gehiagotako milioika pertsonarekin batera, badaudela ekonomia egiteko bestelako modu batzuk eta merkataritza-harremanak ezartzeko beste modu bat.

Bidezko merkataritza 1960ko hamarkadan sortu zen ekonomiako harremanetan bidezkotasuna erreklamatzeko ikuspegiarekin, laguntza eskatu beharrean. Bidezko merkataritzaren mugimenduak orain arte dagoenaz bestelako merkataritza bat proposatzen du, oso arau eta helburu desberdinak dituena.

Pertsonen eta ingurumenaren gainetik ahalik eta etekin ekonomikorik handiena lortzea beste helbururik ez duten ekonomia-harreman batzuen artean, bidezko merkataritza eraldatzeko eta beste merkatu-eredu eraikitzeko tresnatzat agertzen da; hain zuzen ere, eredu horren ardatza pertsonak dira, eta baldintza duinak bermatzen ditu ohiko nazioarteko merkataritzatik bazterturik dauden ekoizleentzat. Balio etikoak gehitzen ditu, alderdi ekologikoak, sozialak zein generoaren ingurukoak barne hartuta. Bidezko Merkataritzako Estatu Koordinakundearen datuen arabera, esan dezakegu bidezko merkataritza bost aldiz onuragarriagoa dela ekoizleentzat, nazioarteko merkataritza baino. Garapen iraunkorrean laguntzen du merkataritzan baldintza hobeak eskainiz, eta ekoizle nahiz langileen eskubideak bermatzen ditu.

Salerosketa bat gertatzen denean, parte hartzen duten alderdi guztientzat bidezkoa den merkataritza bat. Bidezko merkataritza bat, merkataritza bidegabe baten aurrean.

Hamarkada batean baino gehiagoan ospatu izan dugu Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna, eta gero eta onarpen handiagoa du. Hala, gero eta ohikoagoa da bidezko merkataritzako produktuak ikustean Vitoria-Gasteizko espazio publikoetan, hala nola gizarte-etxeetako kafe-makinetan, bai eta kontsumo-taldeetan ere, beren elikagaien artean bidezko merkataritzako produktuak sartuz baitoaz, eta, orobat, taberna eta kafetegietan, bezeroei bidezko merkataritzako kafea eskaintzen diete eta. Herritarrei merkataritza eta kontsumo alternatibo horren aukerak hurbiltzen dizkien ibilbide baten barruan dago hori guztia, eta ez bakarrik Bidezko Merkataritzaren Mundu Egun honetan, baizik eta eguneroko bizitzan, ekoizteko eta kontsumitzeko beste eredu bidezkoago, iraunkorrago eta hurbilago bat bilatuz eta berorretan parte hartuz.

Aurten “Zure bizitza gozoago egiteko, ez da besterena mingostu behar” goiburua dugu. Kanabera-azukrea hautatu dugu protagonistatzat, eta, bera ardatz dela, kanpaina hau jai ez ezik, aldarrikapen ere bihurtzen dugu. Azukreak, gure erosketa-saskiko produktu ohikoenetako batek, alegia, urtean 70.000 milioi dolar inguru sortzen dituelako, enpresa multinazional gutxi batzuek kontrolatzen duten merkatu batean. Haren prezioa finantza-merkatuetan finkatzen da, New Yorkeko eta Londreseko burtsetan bereziki. Pastel oparo horren etekinak ez doaz beti hura hazten dihardutenen eskuetara. Hala, azukre-kanabera plantazio bat inoiz zapaldu gabeko pertsona gutxi batzuek eragiten dute beren inbertsioekin egunero soroetan lan egiten dutenek jasotzen duten prezioan.

2011n mundu osoan bidezko merkataritzako 140.000 tona azukre ekoitzi ziren. Nazioarteko merkataritza globalizatuak sortzen dituen soldata urrien, lan-esplotazioaren, ingurumen-narriaduraren eta desberdintasunaren aurrean, kontsumitzaileok gero eta gehiago hautatzen ditugu bidezkoak eta ekologikoak diren alternatibak.

Bidezko Merkataritzaren Mundu Egun honetan, azukre horrekin gurea gozoago egingo dugu, planeta guztiko ekoizle txikiei, Hegoaldeko herrialdeetako nekazariei eta gure inguruko baserritarrei omenaldia eginez. Jai honetan guztiok gozatzen dugulako. Eta horixe nahi dugu: beste ekonomia-eredu bat eraikitzen ardura har dezagun.

Eta ezin dugu hitz egin bidezko merkataritzaz duela bi aste Bangladeshen gertaturikoa aipatu gabe; izan ere, Dhakan eraikin bat behera etorri zen eta, 700 langile baino gehiago hil ziren. Pertsona horien egoera gure mendeko esklabotza da, hilean 30 euro gainditzen ez dituzten soldata miserableak dituztela, lanaldiak egunean 15 ordukoak ere izaten direla, eta, segurtasunik ezagatik, hilkutxa bihurtzen ari zaizkien fabrika batzuetan lan egiten dutela.

Ez dugu nahi gure arropa odolez zikinduta egotea!!
Ez dugu nahi markek ez ikusiarena egitea!!
Arropa garbia nahi dugu!! BIDEZKO MERKATARITZA nahi dugu!!!

BIDEZKO MERKATARITZAREN EGUN ZORIONTSUA IZAN!