Consumo responsable

Facebook
Twitter
Youtube

Erosketa publiko arduratsua

Erosketa publiko arduratsuak irizpide etikoak, ingurumenekoak eta sozialak zeharka barne hartzea planteatzen du, kontratu publikoak esleitu eta gauzatzeko orduan. Arrazoi nagusia begi bistakoa da: ez da batere logikoa aurrekontu publikoak ematea kutsatzen duten enpresei, langileen eskubideak errespetatzen ez dituztenei, genero diskriminazioa egiten dutenei edota administrazioak berak langile minusbaliatuak edukitzeko ezartzen duen %2ko kopurua ez betetzea.

Aitzitik, kontratuak eta fondo publikoak gizarte-kohesioa eta ingurumen iraunkortasuna samurtzen duten enpresen alde egitea koherentea da. Beharrezkoa da, horrenbestez, herri-administrazioek, euren kontratuak esleitzean, gizarteratzea eta laneratzea, bidezko merkataritza edo kalitatezko enplegua ahalbidetzen dituzten neurriak hartzea. Ez da politika erresiduala, garrantzi kuantitatiboa duen politika baino, izan ere, erakunde publikoak dira Estatuko lehen enplegu-emaileak eta kontsumitzailerik garrantzitsuenak, eta ondasunak, lanak eta zerbitzuak kontratatzen dituztenean, barne produktu gordinaren %16 baino kopuru handiagoa lortzen da.

Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legeak legez gaitzen du kontratazio publikoetan irizpide sozialak sartzea, eta, gainera, beren-beregi aipatzen ditu pertsona eta kolektibo erdeinatuak. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, auzi hau ekainaren 2ko 6/2008 Ebazpenak indartzen du, Gobernu Batzordeak “Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta bere sektore publikoan, irizpide sozialak, ingurumenekoak eta beste politika publikoak ezartzearen” gainean hartutako akordioari buruzkoa. Akordio honek gizarte klausula jakin batzuk biltzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzako sail, enpresa publiko eta erakunde autonomiadun guztietan ezinbestean ezarri behar dira; bidenabar, gainera, erreferentzia interesgarria da tokiko administrazioentzat.

Egungo testuinguruak, beraz, amaitutzat eman ditu gizarte-klausulen legezkotasunari buruzko digresioak, eta edozein aurkakotasun juridikok eta teknikok ez du dagoeneko zentzurik. Horregatik, bada, beharrezkoa da etengabe aurrera egitea, gure herri administrazioek gizarte-bazterketaren kontrako tresna moduan erabil ditzaten kontratuak.

Zentzuz Kontsumitu partzuergoak 10 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du Vitoria-Gasteiz erreferentziazko hiria bihurtzeko helburuarekin, kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzaile bat oinarritzat duen eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jartzen duen ekonomia sozial eta solidarioko ereduari dagokionez.

Esparru horretan, duela urte batzuk, Erosketa Publiko Arduratsua lantzeko apustu bat egin genuen, gure ustez tresna ahaltsua zelako administrazio publikoaren barruan kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzailea bultzatzeko, eta, administrazioak bere eginez gero, garrantzizko paradigma-aldaketa bat ekar zezakeelako.