Zer da elikadura-burujabetza? Nola eraikitzen da? Zer inpaktu du alternatiba horrek gure ingurunean eta Hegoaldeko herrialdeetan? Zer inpaktu du pertsonengan eta ingurumenean?
Galdera horiek zein beste batzuk sortu ziren Elikadura Burujabetzaren aldeko Asteazkenen beste saio batean, urriaren 16an, asteazkena, Arabako Campuseko Farmazia Fakultateko areto nagusian.
Nutrizio eta Farmaziako ikasle-irakasleak nahiz Esperientziaren Ikasgeletako ikasleak –60 lagun baino gehiago– izan ziren Alternatibak eraikitzen elikadura-burujabetzatik izenburuko zineforumean; lehen aldiz, hain zuzen, UPV/EHUrekin lankidetzan antolatuta.
Bionekazaritzak eta Zentzuz Kontsumituk aurkezpena egin eta gero, Esther Vivas kazetariaren bideo bat proiektatu zen. Bideo horretan, elikadura-burujabetzaren kontzeptua azaltzen du mugimendu sozialei eta kontsumo arduratsuari buruzko hainbat liburu eta argitalpenen egile horrek.
Hegoaldeko esperientziak
Ondoren, eztabaida egin zen, eta Guatemala eta Mexikoko nekazaritza-ekoizpenaren eredua aztertu zen, bai eta emakumeek oinarrizko elikagaien ekoizpenean duten rola eta gure ingurunean bultzatzen ari diren alternatibak ere.