Zentzuz Kontsumitu Euskal Herriko Hazien Sarearekin lankidetzan aritzen da, elikadura-burujabetzaren alde egiten duen apustuaren barruan. Erakunde hori bioaniztasuna bermatzeko lan egiten du, hazi autoktonoak berreskuratuz.
Badira datu batzuk, lan horren garrantzia agerian uzten dutenak. Araban, azken hamarkadetan labore-espezie eta -barietateen % 75 galdu da. Hala eta guztiz ere, sareak lortu du 1.400 fruta-arbola eta 500-600 baratze-hazi, zereal eta bazka-lekadun berreskuratzea.
Atzemandako espezie edo barietateak Olarizuko Etxaldeko ganbera batean gordetzen dira, eta handik larrialdi batean baino ez dira aterako. Beste ganbera batean, beste hainbeste hazi, fruta eta produktu gordetzen dira, dibulgazio-jardueretan erabiltzeko edo ‘zaindariak’ deritzenen artean banatzeko.
Zaindariak
«Zaindariak» hazi edo arbola horiek loreontzi, baratze edo lurretan ‘berpizteko’ boluntario aritzen diren pertsonak dira, halakoen jarraitutasuna bermatuta horrela.
Hazien Sareko Joseba Ibargurengoitiak azaltzen duenez, berreskuratze-lana elikadura-segurtasun nahiz elikadura-burujabetzako kontua da: labore homogeneoak kalteberagoak dira izurri baten aurrean; labore-aniztasun handia izateak gaixotasunekiko erresistentzia handiagoa ematen die gure elikagaiak ekoizten dituzten landareei. Arbola edo haziaz gain, zaindariak berekin jakintza guztia darama haiek zaintzeari eta emango duten fruitua kontsumitzeari dagokionez.
Nekazaritza industriala, hazien eta fitosanitarioen arloko enpresa handiek bultzatutako aurrerapen teknologikoak eta landatik hirirako exodoa dira landa-ingurunean labore tradizionalak pixkanaka galdu izanaren arrazoietako batzuk.
Bioaniztasun-galera ezin erritmo azkarragoan ari da gertatzen. NBEren arabera, milioi bat espezie daude galzorian (animaliak eta landareak), guztira dauden 8 milioi espezietatik, lehorreko zein itsasoko baliabideen gehiegizko ustiapenagatik.
Haziak elikagai-ekoizpenaren oinarri ordezkaezinetako bat dira. Nekazaritzako milioika familia eta -komunitatek, beren lanarekin eta jakintzarekin, ehunka labore sortu dituzte, eta haien bidez, milaka barietate. Komunitate eta herrien arteko ohiko hazi-trukeari esker, hainbat labore denetariko baldintza, klima eta topografietara moldatu dira; horrela, nekazaritza zabalduz joan da, eta bide eman du mundua askotariko dieta batez elikatzeko. Haziak, orobat, ekoizpenari, arlo sozialari eta kulturari lotutako hainbat prozesuren oinarri izan dira, eta halakoen bidez landa-eremuko herriek nolabaiteko autonomia bereganatu izan dute. Laburbilduz, funtsezkoak dira elikadura-burujabetza bermatzeko.
Gai honi buruz gehiago jakiteko, entzun ezazue Ser Vitorian Joseba Ibargurengoitiari eginiko elkarrizketa, hemen.