Consumo responsable – Zentzuz

Facebook
Twitter
Youtube
Consumo responsable

BIDEZKO MERKATARITZAREN

eta

KONTSUMO ARDURATSUAREN SAREA

Vitoria-Gasteiz

ZAINTZAILEAK! BIZITZARI EUSTEN DIOGU

28 urria, 2022

Zentzuz sareak Zaintzaileak! Bizitzari eusten diogu kanpaina abiatu du. Udalaren laguntza duen kanpainaren bidez agerian utzi nahi ditu Zaintzen Kate Globalak langile migratuengan dituen eraginak.

Gasteizko Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsuaren Sareak (ZENTZUZ), Gasteizko Udalarekin Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsua Sustatzeko Hitzarmenaren esparruan, ZAINTZAILEAK! BIZITZARI EUSTEN DIOGU informazio-kanpaina abiarazi du. Ekimen honen bidez, emakume migratuek egiten dituzten etxeko eta zaintza lanen balio soziala azpimarratu nahi dugu, eta zaintza-sektorean lan-harreman duinak sustatu.

Kanpaina herritar guztiei zuzenduta dago, baina arreta berezia jarrita zaintza lanak egiten dituzten emakume migratuei eta hauek kontratatzen dituzten pertsona eta familiei. Horiei guztiei baliabide konkretuen inguruko informazioa eta gakoak banatuko dizkiegu. Datozen asteetan, hainbat euskarri eta kanalen bidez, ZAINTZAILEAK! BIZITZARI EUSTEN DIOGU kanpainak langile migratuek, profesionalek, egiten duten lanaren balio soziala ikusarazi eta aitortuko du. Ezinbestekoak dira eta bizitzari eusten diote haien lanaren bidez.

ZAINTZAILEAK! BIZITZARI EUSTEN DIOGU kanpaina bi ikerketatik eta hiru urteko lanetik abiatu da. Tarte horretan, Zentzuz sareak Zaintzen Kate Globala deiturikoan sakondu du. Kontzeptu horrek sistema ekonomiko nagusiak eragindako desberdinkeriak eta mundu mailako sexuagatiko desberdinkeriak lotzen ditu. Zaintzen Kate Globalak etxeko eta zaintzako langileen protagonismoa berreskuratzen du; haiek dira protagonistak. Beren jatorrizko herrialdeetatik emigratzen duten emakumeak dira. Beste emakume batzuen gain uzten dituzte dagozkien zaintza lanak eta gure nagusiak eta haurrak zaintzera datoz prekaritate-egoeran eta, batzuetan, baita modu irregularrean ere.

Hori dela eta, kanpainaren helburua da hainbat gairen inguruan herritarren gogoeta sustatzea, hala nola emakume horien jatorrizko herrialdeetako errealitateei buruz, migratzeko arrazoiei buruz, migratzeko baldintzei buruz eta askotan hemen jasaten dituzten lan-baldintza eta egoera sozialari buruz. Gure jendarteak gauza askotan egin behar du aurrera, baina premiazkoa da zaintza lanak eta horiek gauzatzen dituztenak erdigunean jartzea. Jabetu behar gara gure ardura dela beste zaintza-eredu bat sortzea. Zaintza komunitarioaren, publikoaren eta kalitatezkoaren aldeko apustuak behar ditugu, baita eredu honetan gizonen erantzunkidetasuna ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude