Zentzuz Kontsumitu-Consume con Sentido partzuergoak (ZK) “Zeinek eta zaintzen du eta nola Vitoria-Gasteizen? Etxeko-langileen egoera Vitoria-Gasteizen: hurbilketa bat” ikerlana aurkezten du. Lan honen helburua da etxeko eta zaintzako lana ikusgai jartzea, gure hirian lan-mota hori nola egiten ari den ezagutaraztea, eta bai bizitzaren zaintzaren garrantzia, bai bidezkoa, ekitatiboa eta erantzunkidetasunezkoa izango den zaintza-sistema baten beharra aldarrikatzea.
Nolako zaintza-kontsumoa egiten dugu gure hirian? Gure kontsumoa arduratsua da ala desparekotasunak betikotzen laguntzen du? Nork egiten dituzte zaintza-lanak? Lan hori, berriz ere, emakumeen esku uzten dugu? Zer rol jokatzen du sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkalak eredu horretan? Halako lan horiek ikusgai jartzen dugu ala bizitzarako funtsezkoa den arlo hori ezkutuan atxikitzen laguntzen dugu?
Ikerlan honen bidez, lehen hurbilketa bat sortu nahi dugu, zaintzaren eta kontsumoaren esparruan naturalizaturik daukagun errealitate eguneroko, ikusezin batera. Ikusgai bihurtu nahi dugu etxeetako zaintzan lan egiten duten ehunka emakume “ezkutu”ren egoera. Eta horretarako, Vitoria-Gasteizen bizi diren hainbat adin, nazionalitate eta egoeratako 30 emakumeren esperientziak eta lekukotasunak bildu ditugu, guztien ezaugarri dela sektorean lan egitea edo lan egin izana.
Haien bizi-esperientziek bide ematen digute tokiko dinamikak ekonomia- eta migrazio-fluxu globalekin lotzeko. Gaur egun, zaintzaile-rola gehienbat emakumeek hartzen dutelako, eta, azken urteetan, Hegoaldeko herrialdeetako emakumeek, zaintza-kate globala deitutakoa sortuta horrela.
Zaintzari lotutako lanak, zeinetan emakumeak “inperatibo sozialez” adituak diren, gutxietsi egiten dira eta txarto ordaintzen dira, eta, emakumeak lan-munduratu diren heinean, sistemak behar izan du beste emakume batzuk etor zitezen, zaintzaileen eta etxeko langileen postua betetzera, lehen familia-nukleoaren bidez betetzen zen postu bat, hain zuzen. Ez gobernuak, ez enpresak, ez gizonak ez dira antolatu beren ohiko dinamiketan ordena sozial berri horrek ekarritako aldaketak txertatzeko.
Kapitalismoak ez du desagerrarazi sexuaren araberako lan-banaketa; aitzitik, kontsumoko ondasun eta zerbitzu merkantilizatuen esparruan sartu du zaintza. Lehentasunezko interesa irabazi ekonomikoa metatzea da, eta ez erantzun ekitatiboa, erantzunkidetasunezkoa eta kalitateduna ematea zaintzaren eta afektuen oinarrizko giza beharrizanei; horrela, arlo pribatuan zeuden desparekotasunak merkatuaren esparruan erreproduzitu dira: balio gutxiago; ikusezintasuna; eskubide gutxiago; bereizkeria; eta ikerlan honetan jaso ditugun beste asko.
Vitoria-Gasteizen etxeko langileek duten egoerara eginiko hurbilketa honekin, egiaztatu dugu errealitate konplexua dela haiena, faktore askok parte hartutakoa, eta errealitate hori aztertzeko begirada intersekzional bat behar dela. Etxeko langileen egoera ikusgai jarri beharra dago, gure gizartearen egungo antolaketaren barruan jokatzen duten rola aitorturik; haien eskubideak aldarrikatu eta tinko eskatu behar dira, eta ezinbestekoa da emakume horiek sarritan aurre egin beharreko indarkeriak, menderakuntza- eta botere-harremanak, eskubide-urraketak eta desberdintasunezko tratua salatzea.
Ikerketa irakurtzeko, sakatu hemen