Consumo responsable – Zentzuz

Facebook
Twitter
Youtube
Consumo responsable

BIDEZKO MERKATARITZAREN

eta

KONTSUMO ARDURATSUAREN SAREA

Vitoria-Gasteiz

Bidezko merkataritzako salmentak % 53 hazi dira, baina behera egiten dute denda txikietan

27 iraila, 2019

Bidezko Merkataritzako produktuen fakturazioa % 53 ere igo da 2018an Espainiako estatu guztian, 77’8 milioi eurora iritsita. Bidezko Merkataritzako Estatuko Koordinakundeak eman du datua, “Bidezko merkataritza Espainian, 2018” txostenean. Hazkunde horren arrazoitzat eman du Fairtrade ziurtagiria duten hainbat enpresaren produktuak sartu izana.

Supermerkatuak dira bidezko merkataritza kontsumitzen den gune nagusiak, eta salmenten % 66’5 eragiten dute halakoek. Bestalde, ostalaritza, catering eta jatetxeen sektoreak merkatuaren % 19’8 hartzen du. Hirugarrenik, txikizkako establezimenduak daude, salmenten % 12ra iritsi gabe (% 11’8). Kezkagarria da bidezko merkataritzan espezializatutako denden egoera, ehunekotan 4 puntu galtzeaz gain, haien fakturazioa ere murriztu baita.

Mobilizazio soziala
Hain zuzen, BMEK-ko antolakundeek kudeatzen dituzten bidezko merkataritzako 75 dendek salmenten % 6’2 baino ez zuten sortu. Horri dagokionez, BMEK-k uste du “bidezko merkataritzako denden garrantzia ez da neurtu behar kopuru ekonomikotan bakarrik. Funtsezko espazioak dira gure mugimenduarentzat, kontsumitzaileekin zuzeneko harremana izatea eta kontzientziazio eta mobilizazio sozialeko ekimenak aurrera eramatea ahalbidetzen dutelako”. Bestalde, txikizkako beste establezimenduek ere, hala nola belar-dendek edo produktu ekologikoen dendek, merkatu-kuota galdu dute, baina ez hainbeste.

Elikagaiak, salduenak
Produktuka, elikagaiak dira oraindik ere protagonista nagusiak, salmenten % 95ekin. Kakaoak eta haren eratorriek izan dute gehikuntzarik handiena; ondorioz, “azukrea eta gozokiak” taldea erosleen gogokoena bilakatu da, fakturazioaren % 63’5 eraginik. Kafeak, bidezko merkataritzako produktu enblematikoak, azken ekitaldian salmentak gehitu baditu ere, pisua galdu du sektorean duen ehunekoaren aldetik, hain zuzen, 2017ko % 37tik 2018ko % 25era. Bidezko merkataritzako elikagaien artean, berritasuna izan da 2018an produktu freskoa sartu izana (fruta). Eta indartsu sartu da, lehen urtean sektoreko salmenten % 1’3 eragin du eta.

Bestalde, bidezko merkataritzan elikagaiak ez diren produktuen artean, urte honetan ehungintzako produktuen hazkunde handia nabarmentzen da, haien fakturazioa milioi bat eurora iritsita. Horren arrazoia enpresa konbentzionalen ekimena izan da, bidezko merkataritzako kotoiz egindako salgaiak egiten hastean. Azkenik, kosmetika eta higieneko salgaiek salmenten % 1’1 izaten jarraitzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude